Ongi etorri Ume Alaia Gipuzkoako blogera / Bienvenido al blog de Ume Alaia Gipuzkoa

Hemen aurkituko dituzu UME ALAIA GIPUZKOAren azken berriak. Zure iruzkinak utzi ahal izango dituzu eta baita gustokoen dituzun berriei botua eman ere.

Aquí encontrarás las últimas noticias de Ume Alaia Gipuzkoa. Puedes dejar tus comentarios así como votar a las noticias que más te gusten.

Ratio: 5 / 5

Inicio activadoInicio activadoInicio activadoInicio activadoInicio activado
 

Badira bederatzi urte gure alaba Enara Txinatik ekarri genuenetik. Bederatzi urte Chongqing-eko notaritza batean lehenengo aldiz ikusi genuenetik eta beso artean estreinakoz hartu nuenetik. Ez zuen negarrik egin. Are: esango nuke irribarre bat marraztu zuela ezpainetan, gurea bezain zabala. Gogoan dut ez zekiela koilara bat zertarako balio zuen. Gogoan dut ez zitzaizkiola nire bizarrak gustatu. Eta gogoan dut…

 

                Ez, lasai… ez dut bide horretatik jarraituko. Adopzioaz aita baten ikuspuntu eta sentimenduetatik hitz egin dezadan eskatu didate eta aspaldi ikasi nuen arrosa koloreak ez diola batere onik egiten mundu honi. Bederatzi urte hauetan ikasi dut ezen, jende askok kontrakoa uste duen arren, adopzioa oso urrun dagoela irudizko mundu perfektuetatik, eta gauzak horrela, ez naiz ni horrelako margolanik pintatzen hasiko.

                Azken batean, horixe baita adopzioa: akats bati emandako konponbide hala-holako bat.

                Gustura asko esango nizueke gure alaba adoptatua bere ikasgelako beste ume guztiak bezalakoa dela. Gustura asko kontatuko nizueke zorion bitsetan bizi garela, ez dagoela arazorik, dena ondo doala, Enararen begi urratu txikiek betetzen dutela haur orori dagokion ezberdintasun kuota. Baina ez da hala.

                Zorionez, baina, gure lehen mundu honetan psikologoak existitzen dira. Eta, sinets iezadazue,  inguruan ditugunak txapela kentzeko modukoak dira, onak baino hobeak. Izan ere, puntuz puntu eta urratsez urrats bete baitira adoptatu aurretiko bilera urrun haietan beraiek egin zizkiguten aurreikuspenak. Halako garaitan, halako arazoak izango ditu. Halako garaitan halako beldurrak sentituko ditu. Halako adinaz, halako galderak egingo ditu.

                Eta Enarak, ttak!, ez du inoiz huts egiten hitzordura.

                Ikuspuntu teoriko batetik, pentsa genezake ezen adopzio bidezko gurasook zorteko gaudela. Guri, guraso biologikoei ez bezala, gure seme-alaben bide-orria eman baitigute. Haur adoptatu gehienek bide beretik egiten dute aurrera, nork bere ezberdintasunetik eta nork bere erara, baina denok antzeko-parezido.

                Ubeldurak seinalatu zizkiguten. Arantzak erakutsi zizkiguten. Zauriak markatu zizkiguten. Eta, hala ere...   

                Eta, hala ere, ez dugu beti asmatzen. Bide-orria ezagututa ere, zalantza handiak ditugu gure seme-alaben heziketari aurre egiteko garaian. Eta teoriara atzera ere itzulita, pentsa genezake ezen aipatutakoa jakiteak tristatu beharko nindukeela. Alabaina, zalantzak ditudala onartzeak, hartutako erabaki guztiak ez direla egokiak jakiteak, erantzun guztiak ez ditudala eskura sumatzeak ez nau goibeltzen.

                Izan ere, nire ezintasun horiek guztiek bihurtzen baitute Enara bere ikasgelako beste ume guztiak bezalako ume. 

                Arestian esan bezala, adopzioa akats bati emandako konponbide bat da.

                Gertatu behar ez zuen baina, "abandonu" hitzaren uberan gertatu den akats bati emandako konponbide erdipurdikoa.

                Ez harritu, beraz, ni ere hala-holako aita sentitzen banaiz.

                Zorionez, hala da.          

Xabier Etxaniz Rojo

Hazi Hezi aldizkarian argitaratutako artikulua da hau.

Añadir comentarios

Gente en la conversación

  • Invitado - pablo

    Mila esker, horrelako ikuspuntu bat faltan zegoen web horri honetan.
    Jende gehiago, bere ikuspuntua uztera animatzea espero dut.
    Niretzat errazagoa izango luke erderaz, Ez baitut dena ondo ulertu baina hala ere mila esker.

Web orri honek cookie anonimoak erabiltzen ditu nabigazioaren onerako. Cookie-ei buruz gehiago jakiteko eta erabilpena galerazteko gure pribatutasun politika (erderaz) irakurri.

Acepto la cookies de este sitio
Aceptar